eu - es - en - fr

Siadeco

Ikerketa aplikatua

Magazine

Publications

2004

2004ko Ekobarometro Soziala

Eusko Jaurlaritzaren Lurralde Antolamendu eta Ingurumen Sailaren IHOBEk, Ingurumen Jarduketarako Sozietate Publikoak, argitaratuta, Siadecok egindako lana jasotzen du. Ikerketan Euskal Autonomia Erkidegoko herritarrek ingurumenari buruz dituzten iritziak eta ingurumenarekin duten interakzioa aztertzen da. Ingurumenarekiko jokaera aztertzeko erabilitako ereduan bi fase bereizten dira: Kontzientziatze fasea (informazioa, ardura eta jarrera), eta jarduteko eta baloratzeko fasea (jokaera -mugikortasuna eta garraioak, hondakinak eta kontsumoa-, eta proposamenak eta neurriak). Datuak konparatzeko, bi ikuspegi txertatzen dira: batetik, Europar Batasunean dagoeneko egiaztatuta dauden ingurumen adierazle sozialak hartzen dira kontuan, eta bestetik, 2001eko Ekobarometro Sozialean aztertutako hainbat adierazleren bilakaera erakusten da.

2004

Ordiziako Plan Estrategikoaren laburpena

Ordiziako Udalaren enkarguz, Siadecok argitaratutako liburuxka, Siadecok berak landutako Ordiziako Plan Estrategikoaren komunikazio eta dinamizazio fasearen barnean kokatzen da. Bertan, Planak, udalerriaren diagnostikoa eta plangintza garatzeko prozesu jarraitua izan nahi duela adierazi, eta oso modu sintetiko eta ikusterrazean etorkizunerako 20 erronka estrategiko aurkezten dira: enklabe naturala, hiri kohesionatu eta kultur anitza, hiri aktibo eta adeitsua, merkataritza eta azoka hiria, kirolerako hiria, erreferente soziokulturala, ongizate eta bizi-kalitatezko espazioa, prestakuntza, ikerketa eta berrikuntza gunea, erdi-aroko kaskoa eta erakargarritasun turistikoa eta garapen iraunkorra.

2004

Lasarte-Oria. Merkataritza Indartzeko Plan Berezia (MIPB): Etorkizuneko proiektua

Siadecok argitaratutako liburuxka honetan, Eusko Jaurlaritzaren Industria, Merkataritza eta Turismo Sailaren eskariz Lasarte-Orian Siadecok egindako Merkataritza Indartzeko Plan Bereziaren (MIPB) alderdi adierazgarrienak jasotzen dira. Dibulgaziozko izaera duen argitalpen honetan, testu, grafikazio eta argazkiak erabiliz, herriko merkataritza egoeraren inguruko oinarrizko datuak ematen dira, nola eskaintzaren (merkataritzaren bilakaera, dotazio komertziala...) hala eskariaren (erosketa-ohiturak, merkataritza gastuaren fluxuak...) ikuspegitik. Azkenik, herriko txikizkako merkataritzaren jarduera sustatzeko 12 erronka aipatzen dira, udalerriaren garapen iraunkorrerako sektore estrategikoa den neurrian.

2004

Murgialdea proiektua eta Sagardoetxea

Siadecok dibulgaziozko dokumentu hau lantzen du Sagardun Partzuergoaren eskariz. Helburua, Murgialdea proiektua (kultura, aisialdia eta sagardoa) eta batik bat Sagardoetxearen planteamendua Gipuzkoako sagardoaren sektoreari aurkeztea da. Dokumentu horretan, oso modu grafikoan, Murgialdea gune soziokulturala eraikitzeko proposamena azaltzeaz gain, Murgia jauregia eraberritzeko modua eta Sagardoetxearen diseinuaren ezaugarri nagusiak ere  aurkezten dira (sagardoaren museoa-interpretazio gunea- eta sagardoteka, kudeaketa eremua eta auditorioa):  misioa, sorrera, helburuak, funtzio eta jarduerak, ekipamendua eta altzariak, eta segmentazioa eta publikoarekiko harremana.

2003

Zumaiak du hitza - Gurasoentzako gida

Zumaiako Azterketa Soziolinguistikoa egin zuen Siadecok 2002 urtean eta hainbat ekimen sortu ziren azterlan haren ildotik. Horietako bat, euskararen familia bidezko transmisioa indartzea helburu zuen komunikazio kanpaina bat izan zen eta plan horren barruan Siadecok prestatutako euskarri bat da, "Gurasoentzako gida, Zumaiak du hitza" eskuorria.

2003

Sagardun Partzuergoari zuzendutako eskuliburua

Astigarragako Udalaren enkarguz, Siadecok, Astigarragan sagardoa soziokulturalki sustatzeko helburua izango zuen erakundeak izan zezakeen izaera juridiko desberdinen inguruko abantailak eta desabantailak landu ondoren (organikoak, administratiboak, ondarezkoak, zergazkoak, etab...), identitate korporatibo eta bisualaren eskuliburua egin zuen Sagardun Partzuergoarentzat. Partzuergoaren helburua, sagardoa eta bere bizipen soziokulturala erreferentziatzat hartuz, era desberdineko jarduerak sustatu, antolatu eta zabaltzea da. Honen ondotik, Siadecok, Astigarragako Udalaren enkarguz baita ere, Murgia Jauregiaren birgaitzearekin batera, Sagardoetxea -sagardoaren museoa- sortzea ekarriko lukeen gune soziokulturala proposatu eta bere bideragarritasuna aztertzen zuen proiektua landu zuen.

2002

Hiri komertziala-Tolosa-Villa comercial

Tolosako Udalaren eta Igarondo Merkatarien Elkartearen enkarguz, Siadecok argitaratutako liburuxka, Tolosako Merkataritza Indartzeko Plan Bereziaren (MIPB-PERCO) dinamizazio eta komunikazio estrategien barnean kokatzen da. Bertan, oso modu sintetiko eta ikusterrazean, Tolosako merkataritza eskaintzaren paisaia, herritarren erosketa ohiturak eta merkataritza fluxuak aurkezteaz gain, Tolosako merkataritza sektoreak etorkizunean aurre egin beharko dien 15 erronka aurkezten dira.

2002

Galdakaon komertzioa ikusgai

Siadecok argitaratzen duen liburuxka dibulgatzaile hau, Eusko Jaurlaritzaren Industria, Merkataritza eta Turismo Sailak eskatutako eta Siadecok egindako Merkataritza Indartzeko Plan Bereziaren (MIPB) komunikazio eta dinamizazio prozesuaren barruan kokatu behar da. Argitalpen honetan aipatu MIPBren ondorio nagusiak biltzen dira: batetik, eskaintza nahiz eskariari buruzko diagnostiko faseari dagozkionak eta bestetik merkataritza sustatzeko egiten diren proposamenei dagozkienak. MIPBren hasierako komunikazio fasearen barruan, liburuxka honekin batera, elkarren osagarri diren bestelako ekintza batzuk bideratu dira: MIPBren erakusketa publikoa egin da, informazioa eta azalpenak ematen dituzten panelen diseinuan oinarrituta; merkataritza biziberritzeko eta eragileak aktibatzeko, Galdakaoko txikizkako merkataritzaren ordezkariekin dinamizazio bilerak egin dira.